Lehenik eta behin, nire ikuspuntua asko aldatu dela esan beharra daukat. Aldatu baina gehiago, informatu egin da ikuspuntu hori, eta horrek iritzi bat ekarri duela iruditzen zait. Karrera honetan hasi baina lehenago ez nuen hezkuntza sistema zer zen ere ia arrastorik, eta oso gauza gutxi nekien honen inguruan, ia gauza bakarra zen nik kritikatzen nuena: 18 urte egitean ez genekiela zer egin nahi dugun.
Hori nire eta nire ingurukoen esperientziak erakutsi dit, lehengo urtean ingenieritza industriala egiten hasi bainintzen Bilbon. Nire inguruan berriz, ia lagun guztiak elektrizistak dira tituluz, baina horretan inor ez da ari lanean. Honez gain, horretan lan egin nahi ez dutenak ere badira. Honek erakusten du hezkuntza sistemaren gabezietako bat, ez duela gure helburuak zehazteko eta finkatzeko balio, alegia. Halere, ikasturte honetan zehar, zer egin ez dakigula baino gehiago, zer garen ere ez dakigula ondorioztatzen dut, hau da, zein diren gure indargune eta ahuleziak, zertan garen trebeak eta zertan hobetu behar dugun.
Sistema anakronizatua dagoela askok eta askok esaten dute, Gizartea aldatu den einean, Hezkuntza Sistema ez dela aldatu esaten da, eta garai zaharretako beharrak asetzeko diseinatuta dagoela. Hezkuntzak behar batzuei erantzun behar diela argi dago, gizarteak eskatzen dituen beharrei. Baina gizartea hartzen ari den bilakaerari hezkuntzak lagundu egin behar al dio??
Ni gizaki bezala eta gizarte honen parte bezala, gizarteak aldaketa drastiko baten beharra duela iruditzen zait, bilakaera honekin jarraituz gero, laster mundua bukatuko baita. Horri alde guztietatik begiratu diezaiokegu, alderdi ekonomikoari begiratuz gero, egitura makroekonomiko eta entitate pribatu geroz eta aberatsagoek mundua kontrolatzen dute, eta aberastasun masibo horren truke, ia mundu osoaren esklabutza dago. Munduaren oreka ekologikoa ere gizartearen kontsumismo masiboaren menpe dago, lehen gai guztiak amaitzen ari baikara eta gure arrastoak sekulako kaltea sortzen baitute. Eta gizartea horrelako katastrofe batean murgildurik dagoela, hezkuntzak gizarte horren mende egon behar du?? Edo gizarte hori aldatzeko tresna izan behar du??
Ni oso konbentzituta nago hezkuntzak gizartea aldatu behar duela, eta horrek klasean izan ditugun irakaslearen nolakotasun batzuk zalantzan jartzen ditu.
Adibidez, neutralitatearen kasuak aztertzen jardun ginenean, ondorioztatu genuen erabat inpartziala eta iritzirik gabeko jarrera azaldu behar zuela ondorioztatu genuen kasu gehienetan. Orain ordea, eta lehengo ikuspegia kontutan hartuz, irakasleek eredugarri izan behar duten aldetik, gizartearen arazoez ohartarazi behar diete haurre eta ahalik eta jarrera ekologiko eta kontsumo masiboaren kontrako jarrera erakutsi behar dutela iruditzen zait.
Oso erraza da horrela hitz egitea, baina oso konplikatua da hezkuntza sistemak horrelako jarrerak defendatzea, gizarteko agintariak (ez politikoak bakarrik) ezin baitute onartu eurek sortu eta kontrolatzen duten sistemak porrot egitea. Hori horrela, ezinezkotzat jotzen dut hezkuntza sistema goitik behera aldatzea, besteak beste gizartea eta sistema politiko-ekonomikoa ez bada aldatzen, agintariak berdin jokatuko dutelako.
Horregatik, Paper Zorroa erabili nahi nuke hezkuntza estilo eta forma berri bat aipatzeko. Bizitoki du izena, eta Euskal Herriko iparraldean martxan dagoen 'Eskola' tipo bat da, hain zuzen eskolatik aparte eta irakaslerik gabe, guraso talde batekin eta beste ikasleekin elkarrekintzen bidez ikaskuntza prozesua gauzatzeko hezkuntza estilo bat.
Hasiera batean eta horren sinpleki azalduta bidegabekeria bat ematen du, Gizarteko mahai-inguruan gertatu zen bezala, nik ez dakit oso ondo azaltzen Bizitoki-n nola irakasten den eta nola bizi diren. Baina eskertuko nuke nire azalpenak beldurra ematen dion orori, Bizitokik duen Interneteko web orrialdea bisitatzeko gonbita.
Euren umeen hezkuntza erabat txarra zela konturatu diren guraso batzuk hertsiki umearen beharrei erreparatuz eta umearen ongizatea bilatuz eginiko hiru urteko hausnarketa pedagogikoaren ondorioa da gaur egun funtzionamentuan dabilen sistema berri hau.
Hitzaldi batean izan nuen Bizitokiren berri, eta egia esan txunditurik gelditu nintzen hitzaldia eman zuenarekin, eta baita Bizitokirekin berarekin ere. Hizlaria Seaskan lan egindako irakasle bat zen, Natur Zientzietan lizentziatua, eta bere ustetan, umeei derrigortzeak ondorio kaltegarriak besterik ez ditu izaten. Bere esperientzia pertsonala ere aipatu zuen, hau da, Seaskako ikasleak euskaraz egitera behartuta daude, eta gurasoek normalean familia erdaldunak direnez (Frantsesez mintzatzen diren erdaldunak), ikasle gehienek euren artean erdaraz egiten dutela esan zigun. Eta hori gauza guztietan gertatzen dela uste zuen berak, ikasgai guztietan, bai akademikoetan eta bai sozial eta afektiboetan.
Umeak bere lehen urteetan, gurasoak ditu erreferentziatzat, agente sozializatzaile nagusienak dira, beraz, gurasoekin eduki beharreko elkarrekintza beharrezkoa dela esaten zuen. Hau gauzatzeko, hezkuntza umearen eguneroko bizitzatik ez dela banatu behar ondorioztatzen dute. Ikasturte honetan zehar, ikasleen motibazioaz jardun dugu psikologiako ikasgaian, egunerokotasunarekin lotutako arloetan motibazio altuagoa erakusten dutela ondorioztatu dugu. Eta zer da hobeagoa egunerokotasuna hezkuntza bidea bera izatea baino??
Lehen aipatu dudan bezala, Gizarteko klase hartan sekulako kritikak jaso nituen ikuspegi hau azaltzeagatik, oso itxia omen zen Bizitokiko hezkuntza, nik oraindik ere gaur egungo hezkuntza sistema askoz ere itxiago ikusten dut, ez agian ikasle hetereogeneotasunari dagokionean, baina iruditzen zait aldatu ezin den eta ia pauso guztiak markatuta dauden sistema bat dela. Ken Robinsonek Redes programan esaten zuen moduan, ez dago eskolarik dantza edo musika eta matematika maila berean erakusten dituenik, gaitasun artistikoak erabat baztertuta daude eta zientzia da garrantzia gehien ematen zaion arloa. Horrekin jarraituz, iruditzen zait ia erabateko irekitasuna uzten duela ikasi nahi dena aukeratzeko.
Hurrengoa da Bizitokiri buruzko informazioa nahi duenarentzat beren web orriaren link-a:
Nire azken hausnarketa gisa, autokritika txiki bat egin nahi nuke. Nik asko kritikatu dut nire aurtengo ikasturte hau, akademikoki behintzat. Naturreko ikasgai teoriko nahiz praktikotik hasita, gizarteko teoria huts eta magistralarekin jarraituz, eta lan modular desitxuratu eta desordenatu batekin amaituz. Baina egia esan baita ere uste dut, nik ere nire aldetik gehixeago jartzerik banuela. Egia da ikasketez kanpo ere gauza asko eduki ditudala eta horrek ere ez didala utzi erabat ikasketetara zentratzen, baina hori ez da aitzakia. Benetako interesa eduki banu, egunerokotasun batean jorratuko nituzke ikasketei dagokien gauzak, ez beharbada Naturrekoak, zeren Loli eta Pontxio, en fin, ez dira irakasle dinamiko-eredugarrienak, baina bai adibidez Lan Modularrari gehiago erreparatuko niokela eta zentzu gehiagoz bukatuko nuela. Horrek ez du kentzen ez nagoela ados lan modularra egiteko erarekin.
Beno hurrengo urtean eta bitartean idazten segiko dudala espero dut, erraz esaten da orain ideia guztiak pil-pilean ditudala, baina ahaztu ere laster egiten dira horrelakoak. Honenbestez itxitzat ematen dut nire aurtengo paper zorroa...
Kaixo Asier, atal honetan idazten hastea komeni zaizu. Nik jarraipena egin ahal izateko beharrezkoa delako. Animatu eta idatzi zeozer, ziur gauza asko aldatu direla zure hezkuntzaren ikuspegiari buruz! Kontatu zeintzuk izan diren!
ResponderEliminar