jueves, 10 de mayo de 2012

Hezkuntza ibilbidea


Haurtzaindegian hasi nuen nik nire hezkuntza ibilbidea, bizitzak berak ematen duen hezkuntza kontuan ez badugu hartzen, noski. Haurtzaindegi horretan, urte bete ingururekin sartu ninduten, eta Haur Hezkuntza egiten hasi arte egon nintzen bertan. Bi urte egiteko nituela, lehenengo aldiz eskola ofizial batean sartu nintzen, Orioko Herri Ikastolan, alegia. Bertan egin ditut derrigorrezko hezkuntzako urte guztiak, Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arte.
               
                Sei urterekin, derrigorrezkoa ez den lehen hezkuntzarekin hasi nintzen, eskolaz kanpokoarekin. Adin horretan, Kristau hezkuntza eta Musika hezkuntzan murgildu nintzen. Kristau hezkuntza, bigarren jaun hartzea egin ostean bukatutzat eman nuen, eta berriz emateko intentziorik gabe gainera. Muska hezkuntza aldiz, Sei urterekin hasi eta oraindik ere jarraitzen dut, eta ez bazait ezer berezirik gertatzen, urte askotan jarraituko dut.

                Zortzi urterekin lehenengo aldiz taldeko kiroletan apuntatu nintzen, eskola kiroletan hain zuzen. Futbola, eskubaloia eta saskibaloian jokatu nuen hamabi urtera arte. Orduan, Orioko Futbol Taldean sartu nintzen, eta denetarik eman dit bertan jokatu dudan zazpi urte luzeetan. Hemeretzi urterekin erabaki dut futbola alde batera uztea.

                Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten ari nintzela, Orioko Herri Ikastolan, azken honek antolatutako perkusio ikastaro batean murgildu nintzen, Perkusio afrikarra zuen oinarri ikastaro hark, eta ondoren, brasildar perkusioaren ikastaroari bide eman zion. Bi ikastaro hauei zor diet perkusioaz dudan jakintza ia guztia.

                Hamasei urte betetzear nengoela, DBH bukatu ostean, Batxilergoa egiteari ekin nion. Zarautzen egin nuen, Oteitza Lizeo Politeknikoan hain zuzen. Nahiko esperientzia ona izan zela iruditzen zait, jende berri dezente ezagutu nuen, eta hori aberasgarria dela iruditzen zait. Akademikoki arazorik gabe pasa nuen Batxilergoa, beraz, gehien azpimarratuko nukeena etapa haren alderdi soziala izango zen, lagun asko egin bainituen garai hartan. Hain zuzen batxilergoan ezagutu nuen mutil batekin joan nintzen Bilbora pisu batera, nahiz eta ez ondo bukatu...

                Batxilergoa bukatu ondoren, beste esperientzia berri batean murgildu nintzen.  Bilbora joan nintzen hain zuzen Ingeniaritza Industriala ikastera. Han konturatu nintzen hura ez zela nirea, eta Lehen lauhilekoa bukatu baina lehenago karrera uztea erabaki nuen eta lana egin nuen kurtsoa bukatu arte. Urte bat galdu dudala esaten du jende askok, eta nik ere esan izan dut. Baina urte hartan ere izan nituen ikasgai bat baino gehiago. Ez ziren ikasgai akademikoak izango behar bada, baina alderdi pertsonalean ikasgai gogorxamarrak ikasi behar izan nituen.

                Azkenik, uste dut nire bokazioa bilatu dudala eta espero dut maisu izanda zoriontsu izango naizela eta jendea zoriontsu egingo dudala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario