Haurtzaindegian hasi nuen nik nire hezkuntza
ibilbidea, bizitzak berak ematen duen hezkuntza kontuan ez badugu hartzen,
noski. Haurtzaindegi horretan, urte bete ingururekin sartu ninduten, eta Haur
Hezkuntza egiten hasi arte egon nintzen bertan. Bi urte egiteko nituela,
lehenengo aldiz eskola ofizial batean sartu nintzen, Orioko Herri Ikastolan,
alegia. Bertan egin ditut derrigorrezko hezkuntzako urte guztiak, Haur
Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arte.
Sei
urterekin, derrigorrezkoa ez den lehen hezkuntzarekin hasi nintzen, eskolaz
kanpokoarekin. Adin horretan, Kristau hezkuntza eta Musika hezkuntzan murgildu
nintzen. Kristau hezkuntza, bigarren jaun hartzea egin ostean bukatutzat eman
nuen, eta berriz emateko intentziorik gabe gainera. Muska hezkuntza aldiz, Sei
urterekin hasi eta oraindik ere jarraitzen dut, eta ez bazait ezer berezirik
gertatzen, urte askotan jarraituko dut.
Zortzi
urterekin lehenengo aldiz taldeko kiroletan apuntatu nintzen, eskola kiroletan
hain zuzen. Futbola, eskubaloia eta saskibaloian jokatu nuen hamabi urtera
arte. Orduan, Orioko Futbol Taldean sartu nintzen, eta denetarik eman dit
bertan jokatu dudan zazpi urte luzeetan. Hemeretzi urterekin erabaki dut
futbola alde batera uztea.
Derrigorrezko
Bigarren Hezkuntza egiten ari nintzela, Orioko Herri Ikastolan, azken honek
antolatutako perkusio ikastaro batean murgildu nintzen, Perkusio afrikarra zuen
oinarri ikastaro hark, eta ondoren, brasildar perkusioaren ikastaroari bide
eman zion. Bi ikastaro hauei zor diet perkusioaz dudan jakintza ia guztia.
Hamasei
urte betetzear nengoela, DBH bukatu ostean, Batxilergoa egiteari ekin nion.
Zarautzen egin nuen, Oteitza Lizeo Politeknikoan hain zuzen. Nahiko
esperientzia ona izan zela iruditzen zait, jende berri dezente ezagutu nuen,
eta hori aberasgarria dela iruditzen zait. Akademikoki arazorik gabe pasa nuen
Batxilergoa, beraz, gehien azpimarratuko nukeena etapa haren alderdi soziala
izango zen, lagun asko egin bainituen garai hartan. Hain zuzen batxilergoan
ezagutu nuen mutil batekin joan nintzen Bilbora pisu batera, nahiz eta ez ondo
bukatu...
Batxilergoa
bukatu ondoren, beste esperientzia berri batean murgildu nintzen. Bilbora joan nintzen hain zuzen Ingeniaritza
Industriala ikastera. Han konturatu nintzen hura ez zela nirea, eta Lehen
lauhilekoa bukatu baina lehenago karrera uztea erabaki nuen eta lana egin nuen
kurtsoa bukatu arte. Urte bat galdu dudala esaten du jende askok, eta nik ere
esan izan dut. Baina urte hartan ere izan nituen ikasgai bat baino gehiago. Ez
ziren ikasgai akademikoak izango behar bada, baina alderdi pertsonalean ikasgai
gogorxamarrak ikasi behar izan nituen.
Azkenik,
uste dut nire bokazioa bilatu dudala eta espero dut maisu izanda zoriontsu
izango naizela eta jendea zoriontsu egingo dudala.